TEKNOGRAFIA

 RELATO PERTSONAL AUTOBIOGRAFIKOA: 
HAUR HEZKUNTZARAKO NIRE BIDEA

     

           Txikitatik, haurrekiko lotura berezia izan dut. Beti izan naiz umeekin hitz egitean, jolasean edo haiei laguntzean eroso sentitzen den pertsona bat. Zerbait magikoa dago haien zoriontasunaren atzean, eta beti jakin izan dut nire etorkizuna haien inguruan egon behar zela.

        Nire esperientziarik esanguratsuenetako bat, haurrei irakasten ari nintzela, auzoko ikastaro txiki batean gertatu zen. 13 urte nituenean, udan ume txikientzako tailer batzuk antolatu genituen auzoan, eta nire zeregina zen istorioak kontatzea eta eskulanak egitea. Ordutik, konturatu nintzen haur hezkuntza ez zela bakarrik irakasteko espazio bat, baizik eta haurren garapen emozionala eta soziala laguntzeko aukera bat ere bazela.

        Haur Hezkuntzako ikasketak aukeratzea erabaki nuenean, jende askok galdetu zidan ea zergatik aukeratu nuen bide hori. Erantzuna beti argia izan zen niretzat: haurrek duten imajinazioa eta bilakaera dira nire inspirazio iturria. Egunero ikasten da umeengandik  eta hori da, nire ustez, lanbide honen alderik ederrena. Haurrak mundura begiratzeko duten moduak eta gauzen alde onak ikusteko duten gaitasunak erabat liluratzen naute.

        Eskola, niretzat, ikasteko lekua baino askoz gehiago zen; jolasa, esplorazioa eta emozioak bizitzeko espazio bat ere bazen. Oraindik gogoan dut nire lehen eskola esperientzia: gela koloretsuak, jolasak, barreak… Baina gehienbat Onintxe andereñoa dut presente. Beti miretsi nuen, irakaskuntza liluragarri bihurtzen zuelako. Garai hartan konturatu nintzen bera bezalakoa izan nahi nuela: haurrak gidatu, inspiratu, hezi eta babestu nahi dut.

        Denborarekin, hezkuntzarekiko interesa gero eta handiagoa bihurtu zen. Lehen hezkuntzan, haur txikiagoekin tutoretza saioetan lan egiteko aukera izan nuen, eta hor jaio zen lehen aldiz haien garapenean eragiteko nahia. Jolas eta ikaskuntza esperientzietan elkarrekin aritu ginen, eta euskara ikasten lagundu nien. Ume batek zerbait berria ulertzen zuen unean, edo kostata zerbait azkenean barneratzen zuenean, benetan magikoa zen; haien aurpegiak distiratzen ikusteak poz handia ematen zidan. Haur Hezkuntza ikasteko ideia orduan hasi zen sendotzen nire buruan. Une horretan konturatu nintzen irakaskuntza ez dela soilik informazioa transmititzea, baizik eta haur bakoitzari bere ikaskuntza prozesuan laguntzea.

        Beraz, niretzat, irakaskuntza ez da lan bat bakarrik, bokazio bat ere bada, pasio bat. Sakonki uste dut haurtzaroa bizitzako garairik erabakigarrienetako bat dela. Lehen urteak ezinbestekoak dira aurkikuntza, jakin mina eta sormena sustatzeko, eta horregatik, prozesu horretan parte hartu nahi dut. Nire helburua da haurrek ingurune seguru batean hazten eta ikasten dutela ziurtatzea, non baloratuak eta ulertuak sentitzen diren. Irakasle gisa, ez naiz soilik irakasteaz arduratuko, baizik eta haien sormena eta jakin mina pizteaz ere arduratuko naiz. Beste era batera esanda, nire helburua irakasle gisa ez da bakarrik ikaskuntza akademikoa sustatzea, baizik eta haur bakoitzaren identitatea eta sentimenduak errespetatzea eta haien garapena modu osasuntsuan bultzatzea. Haurrek beren espazioa eta denbora behar dute mundua esploratzeko, eta nik lagundu nahi diet bide horretan.

        Hori gutxi balitz, nire eskola bizitzan zehar, hainbat erreferente izateko zortea izan dut, hau da, nire irakasle identitatea eraikitzen lagundu duten pertsonak ugariak izan dira. Onintxe andereñoaz gain, bazen ingeles irakasle bat lehen hezkuntzan, Leire izenekoa, honek ere izan da eredu bat niretzat. Beti aurkitzen zuena ikasgai didaktikoenak egiteko modua: parte hartzera bultzatzen gintuen, gure iritziak galdetzen zituen, esperimentatzera bultzatzen gintuen. Bere heziketarako grina oso bizia zen, eta erakutsi zidan zein garrantzitsua den egiten den horretan sakonki inplikatzea. Oroitzapen horiek irakasle gisa eraiki nahi dudan identitatearen parte dira: hezitzaile apasionatua izatea, bere ikasleak ikaskuntza maitatzera bultzatuko dituena.

        Aitzitik, kontrako esperientziak ere izan ditut. Behin, irakasle batek datuak memorizatzera behartzen gintuen, haien esanahia ulertu gabe. Esperientzia horrek irakatsi zidan irakasle gisa izan nahi ez dudana: arauak ezartzen dituen eta haurren ikaskuntzaz kezkatzen ez den norbait. Haur bakoitzaren beharrak ulertzen dituen hezitzaile bat izan nahi dut, denbora bat hartzen duena haiek ulertzeko eta lagundu ahal izateko.

        Bukatzeko, atzera begiratu eta txikitan nitaz pentsatzen badut, jakin min eta gogo biziz ikusten dut neure burua. Beti egoten nintzen ikasteko prest, nahiz eta batzuetan kosta egiten zitzaidan zenbait gauza ulertzea. Esperientzia horrek ikuspegi paregabea eman dit haurtzaroari buruz, haur bakoitzak bere erritmoan eta modu ezberdinean ikasten baitu. 

        Laburbilduz, haur hezkuntza ikasteko erabakia nire bizitzan jasotako esperientziek eta inguruneak gidatu dute. Inspirazioa piztuko duen irakaslea izan nahi dut, eta haur bakoitzaren garapen prozesuan eragin positiboa izatea da nire helburua. Badakit haur hezkuntzaren erronkak handiak direla, baina haur bakoitzaren irribarrea eta aurrerapena nire motibazioa dira. 


Comentarios