KONFIDANTZAREN PEDAGOGIA
HEZKUNTZA INTEGRALA ETA BERRITZAILEA
bideoa
Konfiantzaren Pedagogia hezkuntza berritzeko proposamen garrantzitsua da, konfiantza, jolasa eta lankidetza haurren garapenaren oinarri bezala kokatuz. Arizmendi Ikastolan aplikatutako eredu honetan, haurren garapen emozionala, soziala eta kognitiboa lehenesten da, eta hezkuntza pertsonalizatu eta integrala sustatzen da. Konfiantza da pedagogia honen oinarria, haurrak ingurune seguru batean garatu eta ikasteko aukera izan dezaten. Arizmendi Ikastola (2014) arabera, familiak eta irakasleak elkarlanean aritzea ezinbestekoa da ingurune hori sortzeko. Egokitzapen prozesuan, familiak haurrarekin batera sartzen dira gelan, haurrak eskolan segurtasuna sentitu dezan eta bertan garatzeko konfiantza izan dezan. Prozesu honetan, haur bakoitzaren erritmoa errespetatzen da, eta horrek haien ongizate emozionala sendotzen du.
Cornuren (1991) arabera, konfiantza harreman pedagogikoen oinarria da, ikasleen autonomia eta hezkuntza demokratikoa sustatuz. Gainera, harreman asimetrikoan oreka bilatzen du, helduak bere boterea partekatuz eta haurraren gaitasunak indartuz, errespetuan eta elkarren onarpenean oinarritutako ingurunea eraikiz.
Espazioaren diseinuak ere pedagogia honen oinarriak erakusten ditu. Arizmendi Ikastolako gelek ez dute diseinu tradizionala jarraitzen; mahai eta aulkien ilaren ordez, txoko tematikoak daude, haurrek askatasunez mugitu eta esperimentatu dezaten. Diseinu honek haurrak esperientzia eta sormen bidez ikastera bultzatzen ditu, haien garapen integrala sustatuz. Txokoetan, haurrek modu naturalean aukeratzen dituzte gehien interesatzen zaizkien jarduerak, eta horrek haien autoestimua indartzen du, ondo egiten dakiten jardueretan konfiantza handituz. Aldi berean, irakasleek aukera dute behatzeko eta zehazteko haur bakoitzak non duen hobekuntza-beharrik. Horrela, erraztasun handiz antzematen dituzte arlo zailak eta laguntza behar duten egoerak. Hala ere, espazio hauek eta metodo hauek martxan jartzeko baliabide ekonomikoak behar dira. Hau da, hezkuntza berritzen jarraitzeko, politiketan lehentasun handiagoa eman behar zaio hezkuntzari, eta baliabideak esleitu behar dira haur guztiek metodologia berritzaile hauetaz baliatzeko aukera izan dezaten.
Konfiantzaren Pedagogia eredu holistikoan oinarritzen da, haurren garapen emozionala, soziala, fisikoa eta kognitiboa integratuz. Haurren ikaskuntza erritmoak errespetatzeak eta ingurune seguru bat eskaintzeak aukera ematen die haien gaitasunak ez ezik, autonomia eta erresilientzia garatzeko ere. Haurren askatasuna eta autonomia indartzeaz gain, irakasleek behaketa eta orientazio bidez, haien beharrak ulertzeko eta garapen prozesua gidatzeko tresnak eskuratzen dituzte. Familia eta eskolaren arteko lankidetzak, gainera, prozesu hau indartzen du, umeei hezkuntza esperientzia koherentea eta aberasgarria eskaintzen dielako.
Konfiantzaren Pedagogia hezkuntzaren paradigma aldaketa garrantzitsua da, hezkuntza akademikotik haratago, haurren garapen osoa bermatzen duena. Arizmendi Ikastola eredu gisa, argi erakusten du konfiantzak, jolasak eta lankidetzak hezkuntza-esperientzia eraldatzeko ahalmena dutela. Eredu honen aldeko apustua egiteak haurren garapena eta etorkizuneko gaitasunak indartzeaz gain, hezkuntza eredu jasangarria eta berritzailea bermatuko luke.
Horrela, ondorioztatzen da Konfiantzaren Pedagogia, Arizmendi Ikastolako proposamenak, hezkuntzaren aldaketa sakon bat eskaintzen duela, haurren garapen integralaren aldeko apustu sendoa eginez, konfiantza, jolasa eta lankidetza oinarri hartuta. Eredu honek ez du soilik ingurune seguru eta estimulagarri bat sustatzen, baizik eta autonomia, erresilientzia eta ikaskuntza aktiboa bultzatzen ditu. Familia eta eskolaren arteko lankidetza, baita espazioen diseinuak ere, funtsezkoak dira eredu honen arrakasta bermatzeko. Hala ere, aplikatzea baliabide eta formakuntza egokiak eskatzen ditu, hezkuntzan lehentasun handiagoa ematea eta baliabideak esleitzeko beharra azpimarratuz.
Nire ustez, Konfiantzaren Pedagogia eredua hezkuntzaren etorkizunari begira pauso garrantzitsu bat da, izan ere, haurrek ez bakarrik jakintza akademikoa, baizik eta gaitasun emozional eta sozialak ere garatzen dituzte. Horrela, ikasleek ez bakarrik eskolan, baizik eta gizartean ere arrakasta izateko aukera handiagoa izango dute. Horregatik, modelo hau hezkuntza sisteman zabaltzea eta baliabideak horretara bideratzea ezinbestekoa da.
Erreferentzia bibliografikoak:
Arizmendi Ikastola (2022). KONFIANTZAREN PEDAGOGIA. https://www.youtube.com/watch?v=IvIPk7aFhkk
Cornu, L. (1991). La confianza en las relaciones pedagógicas. En G. Simmel, Secret et sociétés (reimpresión del capítulo V de Sociología, 1908). Cirsé. https://d1wqtxts1xzle7.cloudfront.net/63101478/Cornu_La_confianza_en_las_relaciones_pedagogicas20200426-88551-1ttu7z2-libre.pdf?1587950819=&response-content-disposition=inline%3B+filename%3DCornu_La_confianza_en_las_relaciones_ped.pdf&Expires=1734961288&Signature=ZFEH8Wk3bCXT1RRHpWuJ~ShIXx3zJ3CY64c7~90WgFOmYT11Ajfa7Spmdr~MXcZnRudEb-Ghn9aWecZaoKP7zubSb2nMqQVTMO6Bhek85nNf~a6-33rSNOKES5odUtI1m84w3oyHOyVU1gGFoCijjQ239inM379uSjyFzK4OYpNgoKk3YYWHaOmqjYuw69eANoQB3Su34PRYDUdSMcOALLOZ3dOLx2IAzImsq3zoOaa2dT2OZr~ERard0HnLKT00gQLIm5I3ij9kxI9tiJ3Dpk8143~bsDmPhM6YQlnSHQ3QIn9OpbGMKIvEAv7xij3OcnXl6UFtdaJY1lRXjZKFZw__&Key-Pair-Id=APKAJLOHF5GGSLRBV4ZA
Comentarios
Publicar un comentario